Historia

 

Aramaion jaio zen 1871an. Jose Maria Azpeitia jaunagaz ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituen: Victor, Piedad, Lucia, Arantza eta Iñaki, oso gazte hil zana.

Bilaroztarrok bihotz zabal eta oneko emakumetzat jotzen zuten eta batez ere ama paregabea zela aitortzen zuten.

Emakume eskuzabala eta karitate handikoa zen, guztiei laguntzeko prest zegoena. Izan ere, aditua, trebea eta samurra zen eta emakume belaunaldi asko lagundu zuen erditzen emagin lanetan.

Areatzako “Emakume Abertzale Batza” erakundearen sortzailea izan zen 1932an. Eta gure herria, hizkuntza, ohiturak eta nortasuna defendatuz eta bultzatuz gogotsu eta neke gabe ibili zen.

Areatzako Emakumeen aldeko mugimenduaren lehenetariko suspertzailetzat  jo dezakegu, emakumeen elkarteak eta mugimenduak bultzatuz ibili zen eta.

1933an Zeanuriko plazan mitin batean parte hartu zuen  bere neba Txomin Guruzetagaz eta orduko beste politikari ospetsuekin batera.

63 urte ebazala 1934ko abenduaren 27an hil zen  Areatza osoa minaz betea utziz. Orduan hondoko hau esaten zen Areatzako kaleetan:  “Ez dugu negar egin behar, bere bizitza eta ekintzak gureak egin behar doguz”.

 

EMAKUME ABERTZALE BATZA


Policarpo Larrañagak Emakume Abertzale Batza. La mujer en el nacionalismo vasco lanean bildutako datuen arabera, Emakume Abertzale Batza izeneko elkartea Bilbon aritzen zen soilik bere lehenengo urteetan (1922-1923). Inguruko herrietan ez zegoen emakumeentzako antzeko elkarterik, beraz herrietako emakumeak Bilboko elkartean kidetzen ziren eta elkarteak agindutakoa betetzen zuten.


Emakume Abertzale Batza Bilbon garatu bazen ere, bere jarduerak Bizkaia osora hedatzen ziren. Hala ere, elkartearen lehenengo denboraldi hori oso laburra izan zen, 17 hilabetekoa hain zuzen ere.


Elkartea desagertu egin zen Primo Riveraren diktadura-aldian (1923ko irailetik 1930eko urtarrilera) eta Berenguer jeneralaren “diktablanda” izeneko trantsizio-garaian (1930eko urtarriletik 1931ko apirila arte).


1931. urteko apirilean Errepublika ezarri ondoren, Bilboko hasierako EAB elkartea birsortu zuten 1931ko ekainaren 23an. Bizkaiko gobernadore zibilak 1931ko ekainaren 15ean onartu zuen elkarteko araudia.


Bilboko elkarteak ekintza ugari antolatu zituen eta handik gutxira elkarte berriak sortu ziren Bizkaiko beste herrietan. Arratian, adibidez, 1932ko ekainean Arantzazuko elkartea sortu zen eta hilabete beranduago Lemoakoa, Gaztelu-Elexabeitiakoa (gaur egungo Arteakoa) eta Areatzakoa. Inaugurazioak oso ospetsuak izaten ziren eta propaganda abertzale izugarria egiten zen. Jaiaren programa antzekoa zen herri guztietan. Orokorrean jai-bezperan hasten zen gau-ekitaldiekin eta hizlari abertzale batek egiten zuen mintzaldiarekin. Inaugurazioaren eguna txistularien banden kalejirarekin hasten zen eta geroago meza nagusia, emakumeen banderaren bedeinkapena eta lokalen bedeinkapena izaten ziren. Ondoren euskal ereserki nazionala abesten zen eta eguerdiko oturuntza egiten zen bertaratutako agindariekin eta jaietako banderekin. Arratsaldez, berriz, propagandako mitinari ekiten zioten. Hitzaldiak egiten zituztenen artean Txomin Gurutzeta zegoen, María Cruz Gurutzetaren neba.


Zeanuriko pertsona nagusienek oraindik gogoratzen dute María Cruz Gurutzetak plazara begira dagoen Batzokiko balkoitik egin zuen hitzaldia. Mitinera azaldu zirenen artean, besteak beste, bere neba Txomin zegoen. Dirudienez, Mari Cruzen jendaurreko mintzaldi hori 1933ko irailean gertatu zen, herriko Emakume Abertzale Batza sortu zenean.