Historia

 

José María Arregi

1879ko martxoaren 28an Areatzan jaiotako piano-jotzaile, konpositore eta irakasle frantziskotarra izan zen. Lehenengo irakaskuntzak organo-jotzailea zen osaba batek eman zizkion.

Hamar urterekin Arantzazuko ikastetxe frantziskotarrean sartu zuten; Luis Arrueren ikasleetako bat izan zen bertan eta laster pultsatu zuen organoa. Oso gazte joan zen Perura misiolari gisa. 1914. urtean, berriro itzuli zenean, «Escuela Internacional Burgés»;izenekoan sartu zen eta emaitza handiak izan zituen harmonia, kontrapuntua, fuga eta konposizio arloko ikasketetan.

1916an Kontzertu Elkarte bat eratu zuen Bartzelonan musika ikasketa-zentroetako ikasle onenekin eta Burgés eta Domenico Rossi maisuen zuzendaritzapean entzunaldiak antolatu zituen. Garai hartan F. Hartmann musikari frantziskotarraren aldeko artikulu multzo arrakastatsu bat idatzi zuen.

1919an Arantzazura joan zen bizitzera eta santutegiko kaperako maisu eta irakasle karguak izan zituen. Horrez gain, aipatutako kaperaren maila nabarmen handitu zuen eta, horri esker, Frantziskotarren Hirugarren Ordenaren sorkuntzaren oroitzapenezko jaialdietan parte hartu zuen.

Arregik hainbat produkzio utzi dizkigu, batez ere erlijio-gaioetakoak: Cántico a San Francisco, Oh, santísima ánima, Franciscus amat unice, Proles de coelo prodit, Salve, sancte Pater, La muerte de San Francisco, Oratorio -bere ikasle izan zen Luis Sarasolaren liburuarekin- eta abar.

Musika profanoari dagokionez, Iruñeko Orfeoiak sarritan jotzen duen A orillas del Arga jota nafar handia sortu zuen.