Areatza ondarea

Ondarea

Areatzako erdigunean antzinako eraikin asko daude oraindik eta arrazoi horregatik monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratu zuten 1996an (ekainaren 10eko EHAO). Erdi Aroko herrien ohiko tipologia dauka, alegia, bi kale luze eta paralelo (Bekokalea eta Goikokalea) luzera iparraldetik hegoalderako norabidean jarrita eta biak zeharka mozten dituzten bi kale-kantoi (Zubizarra eta Ilargi). Herriko egiturak etxadi erregularrak ditu, muturrekoak bakunak baitira eta erdialdekoa bikoitza. Hasieran, etxadiak lursailetan banatuta zeuden eta horietan etxe gotikoak eraiki ziren. Garai hartakoa da Bekokaleko 7. zenbakia, XV. mende amaierakoa hain zuzen ere. Kale berean, Areatza sortu zeneko gotorlekuen aztarnak ikus daitezke oraindik.

Eraikinei dagokienez, Legizamon Dorrea behera bota zuten toki berean udal igerilekuak eraikitzeko. Oinplano karratuko eraikin honek hamaika metroko aldeak, zortzi metroko altuera eta metro bateko lodiera zuten kanpoko hormak zituen. Ateak arku zorrotzeko itxura zuen, ekialdeko fatxadan zegoen eta gezi-leihoak zituen alde guztietan. Ugunaga edo Huegonaga dorrea XVI. mendean eraiki eta XVIII. mendean zaharberritu zen. Bolumen kubikoko eraikin honek lau uretako teilatua eta arku zorrotzak ditu. Aipagarria da ere Errukiñe kalean dagoen mudejar ohiturako esgrafiatuak dituen etxea.

Bestalde, Gorordo Etxea Ugunaga auzoan dago eta 1675. urtean eraiki zuten. Fatxadak armarri bat dauka Axpeko armekin eta, azpiko inskripzioaren arabera, Juan Abad de Axpek eman zuen etxea eraikitzeko agindua. Garai berekoa da Guardamino jauregia.

Eraikuntza garrantzitsuenetako bat Gortazar edo Riscal jauregia da; izan ere, XV. mende amaierako dorrea izandako hiri-jauregi honek XVI. mendeko harlanduzko beheko solairua XVII. mende erdialdeko adreiluzko goialdea ditu. Fatxadako margolan alegorikoak 1735. urte inguruan margotutako fresko barrokoak dira. Eraikuntza aipagarrietatik berriena Udaletxea da, Luis de Bengoecheak XIX. mendean (1862) eraikitakoa eta jatorriz ikastetxea izango zena.

Iturrien atalean, La fuente de la Alcachofa edo Aska iturria neoklasikoa da eta Martín de Saracíbarrek eraiki zuen 1851. urtean. Iturrimorrokoa XVII. mendekoa da.

Zubiei dagokienez, Zubizarra 1730ekoa da. Iturrimorrokoa, 1840an eraikia eta 1901ean zaharberritua. Karpokoa 1925ean berreraiki zen. Aipatzekoak dira ere Barrondo, Bekoerrota eta Goikoerrota errotak.

Azkenik, erlijio-eraikuntzetako arteari buruz arituko gara. Bereziki azpimarragarria da San Bartolomeren parrokia-eliza, XIV. mendearen erdialdean eraikitako eta 1513. urtean handitutako eliza. Arku zorrotzez jositako eraikuntza honen hegoaldeko horman portada gotikoa dago; arkuko dobelak moztu egin dituzte ate angeluzuzena jarri ahal izateko, baina arkuko giltzarrian ikusgai daude oraindik harriko irudiak eta 1344. urteko inskripzioa.

Mendebaldeko horman platereskoaren eta Errenazimendu osoaren arteko estiloko beste portada bat dago. Hiru ataletan banatuta dago. Lehenengoaren ezaugarri nabarmenena sarrerako erdi puntuko arkua da eta bere goiko aldean San Pedro eta San Pabloren bustoak medailoi banatan ikus ditzakegu. Arkuaren alde bakoitzean bi zutabe daude eta, horien artean, San Pedro eta San Juan Ebanjelariaren estatuak kokatzen dira. Bigarren atalak bost horma-hobi ditu; bigarrenak eta laugarrenak San Pablo eta Ama Birjinaren tailuak dituzte eta besteak hutsik daude. Hirugarren atalak frontoi bat osatzen du eta hiru horma-hobi ditu. Gainera, tinpanoan Aita Eternoaren erliebea ikusgai dago.

Elizaren barnealdea 1870. urtean itxuraldatu zuten. Jatorrizko leihateak desagertu egin ziren gangak eraiki zituztenean. Horrez gain, bi kapera gehitu zituzten eta presbiterioa jarri zuten, eta bertan berriztatutako Errenazimenduko estiloko erretaula kokatu zuten. Teilatupean Kristo, Ama Birjina eta San Juan ikus ditzakegu. Hirugarren atalean Jasokundea dago, eta bere alboan Santa Esther, San Frantziskoren erliebea, Santa Judith eta Santiago Matamoros daude. Bigarren atalean San Bartolome, San Pedro, San Pablo eta San Bartolomeren bizitzako erliebeak daude. Lehenengo atala berriagoa da. Azkenik, Jesusen bizitza azaltzen duten erliebeak dituen banku bikoitza dago. Behealdean Jesu Kristoren bizitzako eszenak islatzen dituen erliebez betetako bi lerro ditu.

Lehenengo atalean Ama Birjina, San Gabriel, San Rafael, San José eta San Juan agertzen dira.
Eskuinaldean bi aldare daude: batek Purgatorioko Arimen erliebeak ditu eta goialdean buru bat du inskripzio batekin; bestea 1721. urtean egindakoa da eta Doloretakoa, San Sebastian eta Santa Ageda ikus daitezke, goialdeko bi San Antonioek tartean Magdalena dutelarik. Ezkerraldean beste bi aldare daude: lehenengoan interes gutxiko Jesu Kristo bat dago eta bestean Bihotz Sakratuaren irudi modernoa, San Rafael, Tobias eta San Roke daude, baita San José ere, aldarearen goiko aldean. Bereziki interesgarriak dira Kristo Gurutzean, Santa Teresa, San José eta Santo Tomas irudikatzen dituzten hainbat margolan. Presbiterioko San Luis Gonzagaren irudia ere aipatzekoa da, Higinio Basterrak egindakoa. Sakristian italiar Errenazimenduko estiloko koadroa bat dago eta umearen aurkezpena irudikatzen du; horrez gain, elizaren ondoko etxe bateko ganbaran aurkitu zuten Ama Birjinaren figura gotikoa ere gordetzen da.

Errukiñe baseliza eta San Tomas baseliza (XVIII) ere interesgarriak dira. Santa Isabelen Monastegia frantziskotarren komentu bezala sortu zen 1620an. Aipagarriak dira eliza horretako zenbait aldare, adibidez, presbiterioan kokatutakoa, Santa Isabelen irudia duena. Badaude ere Kristo interesgarri bat eta San Joseren eta San Paskoal Baylonen bi koadro. Ikustekoak dira Paduako San Antonioren eta Asisko San Frantziskoren aldare barrokoak. Errenazimenduko estiloko beste aldare batean Ama Birjina Umearekin irudikatzen duen figura aipagarria ikus dezakegu. Organoa 1626.urtekoa da.

  • Gorbeia central park
  • Arratia Turismoa
  • Euskadi Turismoa
  • Garraioak
  • Euskalmet

Informazioa

Gorbeiako Informazio Turistikoaren zentroa: Zubiaur Plaza, s/n. 48410, Orozko. Telefonoa: 94 612 26 95. Emaila: turismo@gorbeialdea.com.