Inguruak

 

Arrabako mendietako mapa

Aldape (1.183 metro) Arraba eta Egiriñao banatzen dituen gailur harritsuaren goreneko eremuaren izena da. Gorostetako ekialdeko isurialdean (Itxinan) hasten den eta Iondegortako sakan eta presaren gainean agertzen den mutur luze baten bukaera da. Artzainek Gatzarrieta deitzen dute benetan bi tontorrek osatzen duten eremu hau, antzina kuartzo-kristala ateratzeko ustiategia baitzen; garai hartako arrastoak ikusgai daude oraindik.

 

Izen bera ematen zaio tontorra eta Gorosteta batzen dituen igarobideari. Aspaldi Aldapeko igarobidearen ordez erabiltzen zen negu elurtsuetan sortzen ziren elurtegi itzelak saihesteko, elurrak ibilbide hori arriskutsu bihurtzen baitzuen. Gailur txiki eta erraza bada ere, behatoki bikaina da Gorbeia eta Lekanda erraldoien artean dagoen tontor bakarra delako.

 

Ibilbidea Pagomakurreko aparkalekuan hasten da. Igoerak ez dauka sekreturik, beraz edozein mendizalek egin dezake. Bidea agerikoa da eta erritmo normalean 40 minutu ibili ondoren Arrabakoateko igarobidea gaindituko dugu eta Arrabako landako inguru txundigarrira helduko gara. Leku xarmagarria da, beti berde kolorekoa eta Itxinako harkaitzez inguratua. Urrunean gurutzearen muinoa ikusgai dago, baita bertan bazkatzen duten artalde, behi eta zaldiak ere.

 

Klimaren laztasuna dela medio aurrera egin ez duten urkiez inguratutako etorbidea jarraituz gero, Aldapeko muinoa aurrez aurre ikusiko dugu. Igoera erraz-erraza da. Dena den, merezi du aurretik Ángel Sopeña edo Elorri aterpea ikustatzea.

 

Birmoldatutako aterpetxe hau Euskal Federazioarena da, taberna-zerbitzua eskaintzen du eta urte osoan zehar zabalik dago (55'). Handik hurbil izen bereko iturri eta aska ikus ditzakegu, Gorbeia parke naturala ez zenean kanpatzeko erabili ohi zen tokiaren adierazgarriak.

 

Atsedenaldi labur baten ondoren aterpearen gainetik ikusten den mendixkarantz abiatuko gara. Igoera belartsua da eta antzina meategira joateko egin zen bidezidorra jarraituz gero laster helduko gara Gatzarrieta izenez ezagutzen den mendixkara (ordu 1 eta 5 minutuko ibilbidea). Eskuinaldean izen bereko lehenengo tontorra dago eta horra ere erraz-erraz hel daiteke (ordu 1 eta 8 minutuko ibilbidea). Gailurrak ez dauka postontzirik baina sekulako ikuspegiak ditu. Mendixkara itzuli ondoren (ordu 1 eta 11 minutuko ibilbidea), harkaitzen artetik zailtasunik gabe joango gara Aldapeko tontorrera (1.183 metro) (ordu 1 eta 16 minutuko ibilbidea), Arratiaren gainean ikus daitekeen kareharrizko pitoira. Gailurrean hainbat postontzi eta plaka daude, besteak beste, Eizmendi elkartearena.

 

Pagomakurrera bueltatzeko Aldapeko igarobidetik joango gara. Aparkalekuan amaitzen den ibilbide lasaia da eta ordu 2 eta 30 minutuko iraupena du gutxi gorabehera.

Ibilbide erraza da. Zerua oskarbi badago edozein mendizalek egin dezake. Neguan elurra eta hotz handia egiten du.