Inguruak

 

Planoa

Urragikoatxa Ugatxa mendigunean kokatutako mendi-puska harritsu eta bakartia da. Urragikoatxak berak eta alboan dagoen Illunbe mendiak Arratiako eta Dimako haranak banatzen dituzte eta sorgin eta akelarreei buruzko kondairez jositako mendi-sistema osatzen dute. Kota bien artean Lamindao auzoa dago, eta bertara oso erraz hel gaitezke Areatzatik edo Dimatik izen bereko mendaterantz doan errepidearen bidez. Mendiko ingurunea harrigarria da. Horregatik, mendatera doan errepidean gaudenean eta Lamindaora heltzeko Arostegieta auzotik igarotzen garenean, inguruan dugun ikuspegiari begirada bat ematea merezi du.

 

Lamindaon elizaren ondoan utziko dugu autoa; hala ere, gogoratu elizara heltzeko Dimako errepidearen tarte batean atzera egin beharko dugula. PR edo ibilbide labur batera gidatzen gaituzten norabidezko geziak jarraituz gero, zelai bat ikusiko dugu. Bertan hasten den bidezidor diagonala aurkitu eta harkaitz artean ibiliko gara gaineko mendigunera iritsi arte. Goialdea karstikoa da eta denborarekin gailurreko errepikagailuraino doan mendi-bide erosoago bat eratu da. Hortik hurbil daude mendiaren tontor geodesikoa eta postontzia (50 minutuko ibilbidea).

 

Gailurretik Gorbeia handia ikus dezakegu. Mendi dotore zein erraldoiak Urragikoatxa xumeak baino ia mila metro gehiago ditu. Urteko sasoiaren arabera, mendiaren iparraldean izoztegiak ikusgai egon daitezke. Hegoalderantz begiratzen badugu, Legarmendi eta Eskuagatx mendiguneek postontzitik ikusten den isurialde bikoitza osatzen dute, hau da, Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalak. Ugatxa mendigunea bistarekin jarraitzen badugu, inguruko gorengo puntua ikusiko dugu, Altungana mendia (765 m.).

 

Atsedenaldia egingo dugu aurrean dugun haraneko herriak miresteko, besteak beste, Areatza. Ibilbide bera alderantziz egingo dugu Lamindaora itzultzeko (ordu 1 eta 30 minutuko ibilbidea). Areatzara jaisten den errepidea zeharkatu eta Illunbera doan PR bat hasteko bidexka aurkituko dugu. Laster ondo kontserbatutako labe karegilea aurkituko dugu, jada desagertu den lanbide baten aztarna. Gune horretaraino ia ez dago aldaparik, baina pixka bat aurrerago malda igo beharko dugu bazkaleku batera iristeko. Larrearen atzealdean artadi hostotsuz basotutako gailurra ikus dezakegu.

 

Bidexkak arin batean eramango gaitu gailurrera (2 orduko ibilbidea) eta han atseden hartzea komeni da. Bide batez, Areatza eta Artea ikustatuko ditugu eta haranerantz doazen ebaki malkartsuei so egingo diegu. Artadiak paisaiaren zati handi bat betetzen du; hori dela eta, ez dugu ingurunea ikusteko beste aukerarik izango. Lamindaora itzultzeko ibilbide bera alderantziz egingo dugu berriz ere (ordu 2 eta 30 minutuko ibilbidea).

 

Ibilbidea ez denez luzea, egun berean hurbileko naturaren beste bitxi batzuk bisita ditzakegu. Guk honako hau gomendatzen dizugu: jaitsi Dimako mendatera doan errepidera, utzi autoa Zamakola baserritik hurbil (bidegurutzera iritsi baino lehen) eta zoaz Baltzolako kobazuloa, Gentil Zubi izeneko zubi naturala eta Abaroko tunel xelebrea ikustera. Errepide-mapa eta inguruneko mapa on bat eraman beharko dituzu BI-3453 errepideko irtenbidea zein den jakiteko. Ez ahaztu kobazulora sartzeko linterna, laburra izan arren oso iluna baita.

 

Gailurrak

 

Urragikoatxa (588 m.). Illunbe (447 m.).