Inguruak

 
Gorbeiako gurutzea Leon XIII. aita santuak kristau-herri osoko mendirik garaienetako gailurretan gurutzeak jartzea gomendatu zuen XX. mendea zetorrela ospatzeko. Gaur egun ikus dezakegun gurutzeak 18 metroko altuera du eta hemen eraikitako hirugarrena da. Gurutzearen alboan 106 mendiren kokagunea erakusten duen orientazio-mahaia dago.

 

Iñaki García Uribek honela azaltzen du gurutzearen historia: “Aurreko mendea amaitu eta berria hastera zihoala eta (XIX-XX), Leon XIII. aita santuak kristau-herri guztiari Jesu Kristo Salbatzaileari gorazarre egiteko deialdia egin zien. Hortaz, herrietan erlijio-batzordeak sortu ziren eta hainbat ekimen bultzatu zituzten, adibidez, mendi ospetsuenean gailurrean gurutzeak altxatzea, FEDE EKINTZA HANDI BEZALA.

 

JUAN BARTOLOMÉ DE ALCIBAR Zeanuriko parrokoak batzorde bat sortu zuen 1899an, JOSÉ MARÍA DE URRATXA Zigoitiko artzapeza presidente izendatu zuen eta Gorbeiaren tontorrean gurutze bat eraikitzea erabaki zuten. CASTO DE ZABALA Elorrioko arkitektoaren proiektua hartu zuten oinarri, Bizkaian lan garrantzitsuak utzi dizkigun garaiko arkitekto handia izan baitzen.

 

1901eko uztailaren 16an hasi ziren Gorbeiako lehenengo gurutzea bere lekuan kokatzeko lanak. Lanari ekiteko aitzur berriak erosi zituzten eta lau hilabete beranduago, 1901eko azaroaren 12an monumentu berria bedeinkatu zuten. Gurutze erraldoi honek 33 metroko altuera zuen, hil zenean Jesu Kristok zuen adinaren omenez.

 

Idatzizko kroniken arabera, gurutzea inauguratu eta bedeinkatu zen egunean eguraldi ona egin zuen. Hala ere, haizeak gurutzea astintzen zuen eta azkenean eguraldia txarrera egin eta seguru aski ekitaldia zapuztu zuen.

 

Agintari eta langileekin batera bertaratutako artzainek gurutzeak gutxi iraungo zuela iragarri zuten eta halaxe izan zen. Bedeinkatu eta hilabetera erori egin zen, 1901eko abenduaren 12an hain zuzen ere. Gurutzea “Aldamineko hanka” deitzen dudanetik, hau da, Bizkaia aldeko ezkerreko hankaren oinarritik 6 metrora apurtu zen.

 

Ekitaldian Zuiako, Zeanuriko eta Vitoria-Gasteizko udaletako ordezkariak egon ziren, baita Zigoitiko artzapeza eta Murgiako kolegioko zenbait aita ere. Sermoia Beartel aitak egin zuen bi hizkuntzatan. Durangotar honek aita alemaniarra zuen eta predikari frantziskotar handia deitu zioten, alde batetik ekitaldia nabarmentzeko eta bestetik bere kategoria handia eta bere eliza-mintzaldiak azpimarratzen zituelako.

Gorbeia elurrez estalita

Gurutzea lurrazpiko oinarria txikiegia zelako eta zursarean geratzen zen izoztutako elurrak presio handia egiten zuelako jausi zen. Hori ikusita, laster hasi ziren gurutzea berreraikitzeko lanak. 23 hilabete iraun zuten eta azkenean 1903ko urriaren 1ean bedeinkatu zuten. Bigarren gurutzea baxuagoa zen, beraz zerutik urrunago zegoen eta bere altuerak jada ez zuen adierazten Jesu Kristo hil zenean zuen adina.

 

Agintariez gain, 1.000 mendizale baino gehiago izan ziren bigarren bedeinkapen honen lekuko. Bedeinkatzeko ura Jordanetik ekarri zuten, Palestinako ur ospetsua hain zuzen ere, San Juan Bataiatzaileak Jesu Kristo bataiatzeko erabili zuen ur bera. Gurutzea egin ahal izateko dirua eman zutenen omenez meza ospatu zuten; eliza-ekitaldian «Te Deum» abestu zuten eta bertan zegoen FELIPE ARRESE BEITIA olerkariak gurutzearen omenez idatzitako euskarazko olerki polita irakurri zen.

 

Zorigaitza berriro erori zen gurutzean eta kristau-herrien ikurra bigarren aldiz jausi zen 1906ko otsailaren 12an. Bigarren gurutzea 28 hilabetez egon zen zutik.

 

Gorbeiako gurutzearen garai honetako data garrantzitsuak galdu egin dira. Badakigu hirugarren gurutzea, gaur egungoa, 1907 inguruan eraiki zela Eiffel Dorrearen egitura oinarri hartuta. Inaugurazioaren, bedeinkapenaren eta lanen amaieraren datak ahaztu edo ezkutatu egin dira, baita gurutzea eraikitzeak izandako kostuak eta gainerako zehaztasun bitxiak ere.

 

Badakigu aurreko bi gurutzeen bedeinkapenak Gorbeiako tontorrean egin zirela 1901eko azaroaren 12an eta 1903ko urriaren 1ean eta hirugarrena 1907an jarri zutela data historikorik ezarri gabe eta bedeinkapenik egin gabe. Badirudi denbora datu interesgarririk gabe igaro zela.

 

1963ko ekainaren 23an, Baskonia Mendi Taldeak LARREA jaunaren Ama Birjinaren irudia kokatu zuen Bizkaira begira. Hala ere, 1967ko ekainaren 25ean, LARREAren lana kokatu eta lau urte geroago, brontzezko eskultura berriz jarri behar izan zuten, norbaitek aurrekoa apurtu zuen eta.

 

XX. mendearen hirugarren hamarkadan, orientazio-mahaia kokatu zuten gurutzearen eta Begoñako Ama Birjinaren alboan. LUCIO LASCARAY mendizale arabarrak bi urtetan zehar lan egin zuen proiektu eder hori gauzatu ahal izateko eta 1931. urtean orientazio-mahaiaren egitasmoa burutu zuen. Urte eta erdi egon zen argazkiak ateratzen, era askotako neurriak hartzen, hamaika ohar idazten; azkenean, LASCARAYk irudia plaka esmalteztatuan erreproduzitzeko eskatu zuen Frantziako Puy de Dòme eskualdeko lantegi batean. Plakak, aduana-zergek eta plakaren garraioak 619 pezeta balio izan zuten guztira.