Inguruak

 

Upoko makatza

Upoko makatza


Frontoi ondotik, Upoasteako amildegi albotik igarotzen den basabidea hasten da. Hiru kilometro pasa ondoren, Upoko Makatzako muinora iristen da bide hau, atseden lekuraino, hain zuzen ere.

Upoko Makatza Upo mendia eta Gorbeiako mendigunea lotzen dituen mendi-lepoan dago; zona inguratzen duten zuhaitzek babesten dute haizeetatik. Eremu txikia da eta itxura biribila ematen dion zurezko itxierak inguratzen du. Eremuko haritz handien gerizpea eremu osora hedatzen da.

Eremutik kanpo, kartel batek Gorbeiako Parke Naturalaren hasiera adierazten du, eta beraz, eremu hori parkerako "zubia" da.

Upoko Makatzatik hurbil, koniferoen gerizpe trinkoaren azpian, eguraldi txarra dagoenean erabiltzeko moduko estalpea dago.

Larreder eta Pagomakurre

Larreder iturria

Frontoi ondotik, Upoasteako amildegi albotik igarotzen den basabidea hasten da eta sei kilometro pasa ondoren, Larrederreraino iristen da, izen bereko atseden lekuraino, hain zuzen ere.

Larreder Gorbeiako Parke Naturalaren barruan dago, Itxinako mendiguneko kare-harrizko hesitik oso hurbil, eta Lekandatik Atsogurera (Atxak) doazen hormak ikusten dira.

Altzifre landaketa trinko batek eremu osoa inguratzen du, eta aparkalekuaren zati bat landaketa horren barruan dago. Bidearen albo bietara dago, lur lau eta erosoan, bertan lasai-lasai egoteko. Hostozabalen birlandaketa (adibidez, mahaien arteko pagoak, haritzak eta urkiak) lagungarria da udan eguzki-izpi beroetatik babesteko. Neguko haizeei ez zaie ikararik behar, Larreder horietatik babestuta baitago, kokalekuari eta altzifreen hesi naturalari esker.

Bertan dagoen estalpe txikian ere aterpea har daiteke, beharrezkoa izanez gero, eta horren terrazara eskailera batzuetatik iritsiko gara.