Tramiteak

Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa

Atal honetan Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren berri eman nahi dugu (aurrerantzean EITa). 50 urtetik gorako eraikinen egoera aztertzen duen analisia da EITa, derrigorrez egin behar da eta jabe bakoitzari dagokio azterketa egiteko zerbitzu profesionala kontratatzea. Horrenbestez, datozen lerroetan jasotako informazio eta argibideak arretaz irakurtzea eta, zure eraikinean EITa egitea badagokizu, lehenbailehen horri ekitea garrantzitsua da.

Zer da EITa?

EITa etxebizitza eraikinen egoera aztertzeko balio duen analisi teknikoa da. Etxebizitzetako hainbat atal aztertzen dira, besteak beste, fatxada, egitura edota ur sare komunak. Azterketa teknikoa denez, arkitektura arloko profesionalek egin behar dute, Eusko Jaurlaritzak horretarako emandako ereduaren arabera. EITaren emaitza txosten batean jasotzen da ondoren, eta eraikinen jabeen erkidegoak Udalean aurkeztu behar du. Jabeen erkidegoek kontratatu eta ordaindu behar dute EITa, eta ez du prezio ofizialik; horrenbestez, jabeek nahi beste aurrekontu eskatzea komeni da.

Zein eraikinek egin behar dute?

50 urtetik gorako eraikinetan legez derrigorrez egin behar da EITa, eta horretarako egutegia ere finkatu da:

a) 2017ko ekainaren 27an eraikinak 50 urte edo gehiago baditu, orduan EITa aurkezteko epea 2018ko ekainaren 28a izango da.

b) Eraikinak 50 urte 2017ko ekainaren 28tik aurrera betetzen baditu,  orduan EITa aurkezteko epea urtebetekoa izango da, eraikinak 50 urte betetzen dituenetik.

Esan bezala, oso garrantzitsua da EITa egin behar duten eraikinen jabeek lan horri lehenbailehen ekitea. Zalantzarik izanez gero, www.euskaregite.eus ataria bisita dezakezu.
Horrez gain, udaleko arkitektoarekin ere hitzordua eska dezakezu, eta zalantzak argitzen lagunduko dizu.