Eraiki proiektua, etorkizuneko Areatza herritarrekin formulatzen

Areatzako Udalak 2018ko irailean abiarazitako parte hartze proiektua izan da Eraiki; ekimenaren helburua udal eraikin eta espazioek etorkizunean izango dituzten erabilerak zehaztea izan da, betiere herritarren parte hartzearekin. Horretarako, Udalak deialdi bat egin zuen eta enpresa bat kontratatu zuen; hala, zenbait dinamizatzailerekin batera, proiektua hainbat fasetan eta maila desberdinetan garatu da.

Garapena

Hasierako fasean ikerketa eta informazioa bilatzeko lanak egin ziren; hala, etxeetan eskuorriak banatu ziren Udalak dituen espazioen berri emateko, eta nahi izan zuenak bere iritzia helarazi ahal izan zuen. Horrez gain, herriko elkarteen iritziak ere jaso ziren, eta udal langileekin lansaio bat prestatu zen.

Ondoren herritarren txanda izan zen; herritar guztiak gonbidatu ziren saioetara, eta kasu batean gazteekin ere lansaio bereizi bat egin zen, Gaztelekuan. Lansaioetan udal espazio eta eraikinen informazio sakona eman zen eta herritarrek antzemandako beharrizanak zerrendatu ziren; hala, beharrizan horietarako udal espazio eta eraikin aproposenak zehazteko ahalegina egin zen. Halaber, Udalak alokatuta dituen espazioak alokatzen jarraitzea komeni den ere aztertu zen, eta Udalak emandako informazioarekin kontrastatu zen; izan ere, Udalaren ustez ezinbestekoa da herritarrek datu ekonomiko eta egin beharreko inbertsioen tamainaren berri izatea, horrek ere eragin izugarria duelako etorkizuneko proiektuen bideragarritasunean.

Emaitzak

Hala, herritarren ametsak eta errealitatea uztartuta, etorkizuneko Areatza irudikatu eta modu bideragarrian gauzatzeko moduko proposamena osatu zuten parte hartzaileek.

Alde batetik, udaletxearen eraikinean Administrazioari lotutako zerbitzuak zentralizatzea proposatu da, eta horrek esan nahiko luke gaur egun bertan eskaintzen diren beste erabilera batzuk (Musika Eskola, Udalak antolatutako ikastaroak) beste leku batean kokatu beharko liratekeela. Horrekin batera, udaletxeko azken solairura iristeko irisgarritasuna bermatu beharra ere nabarmendu da.

Horrez gain, Mudejar eta Gortazar eraikinak kulturari lotuta erabiltzea proposatu da, eta bertan kokatuko lirateke, besteak beste, liburutegia, ikasgela edota mediateka bezalako zerbitzuak. Gogoan hartu behar da, hala ere, bi eraikin horietan inbertsioak egitea garestia izango dela, eta horrek ere eragina izango duela eraikin horietako erabilerak gauzatzeko epeetan. Ageditaren Etxea musikara bideratzea ere aipatu zen, eta elizaren lokalak kirola egiteko aproposak direla ere ondorioztatu zen; ez da ahaztu behar, hala ere, elizaren lokalak ez direla Udalarenak, eta alokatuta dituela. Gai hori ere mahai gainean jarri zen prozesu honetan, alegia, Udalak lokalak alokatuta izan behar dituen edo, horren ordez, hobe den Udalak soilik jabetzan dituen lokalak erabiltzea, eta, horrela, alokairuetan gastatutako dirua aurreztea. Gauza bera gertatzen da sindikatuko biltegiarekin.

Beste alde batetik, eraikin batzuen gaur egungo erabilera zuzena da eta ez da erabilera hori aldatzea planteatu: horrela gertatzen da frontoian, ludotekan eta igerilekuen eraikinean. Azkenik, zerbitzu batzuentzat leku egokia aurkitu behar dela ondorioztatu da, eta horixe da, hain justu ere, Gaztelekuaren kasua, une honetan behin-behineko egoeran baitaude udaletxe azpiko lokal batean. Gauza bera gertatzen da eskulanak egiten dituen elkartearekin ere.

Bukatzeko, ez da ahaztu behar zenbait zerbitzu plaza inguruan edo herrigunean mantentzea ere garrantzitsua dela, alde zaharra edo herrigune historikoa dinamizatzeko eta bertako saltoki eta tabernek ere bizirik jarraitzeko.

Proiektuaren emaitza gisa, enpresa arduradunak txosten bat aurkeztu dio Udalari, ekimenaren datu, xehetasun eta ondorio guztiekin. Txosten horretan jasotakoa arretaz aztertuko du gobernu taldeak, eta etorkizuneko plangintzetarako kontuan hartuko du.

Aurrera begira

Horrez gain, Eraikin parte hartu dutenen gehiengoak azaldu du aurrerantzean ere proiektu honek jarraipena izan beharko lukeela, eta eraikin bakoitzean eskainiko den zerbitzu edo erabilera zehaztea dagokiola orain. Hala, 2019ko aurrekontu zirriborroan parte hartzerako beste diru partida bat aurreikusi du Udalak.