Areatzako toponimia eta herri ondarearen proiektua (2015-2017)

Aurrekariak

Areatzako Udalak herriaren kultura, ondarea eta toponimia jasota utzi nahi izan ditu, eta helburu horri jarraiki, horretarako ekimena abian jarri zuen 2015ean. Izan ere, hizkuntza, nortasuna, ohiturak eta historia ezagutu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea ezinbestekoa da Udalaren ustez, zenbait gai edota ohituraren inguruko hitzak eta terminologia galtzear daudelako eta hori saihestu nahi duelako.

Lan horretan Labayru Fundazioa izan du bidelagun; horrelako lanetan esperientzia handia dauka Labayru Fundazioak, beste herri batzuetan ere pareko egitasmoak gidatu baititu.

Proiektuaren lehenengo fasea: erregistroak

2016. urte hasieran entregatu zion Labayru Fundazioak Areatzako Udalari ordura arte agiri idatzietan batutako toponimoen zerrenda. Zerrenda hori osatzeko agiritegi hauetan egin zen bilaketa: jabetza erregistroa, Bizkaiko Foru Artxibategiko sailetan, udal sailetan dauden agiriak, protokolo notarialak eta estatistika eta XVIII. mendeko agiriak. Datuok ordenatuta eta telematizatuta aurkeztu ziren; hala ere, corpus hari ahozko erabileraren osagaia falta zitzaion, eta, horrenbestez, lan horri ekin zitzaion bigarren fasean.

Proiektuaren bigarren fasea: landa lana

2017ko udazkenean Labayru Fundazioak bigarren fasea egin du, alegia, landa lana, eta horretarako teknikaria Areatzako zenbait herritarrekin elkartu da haien lekukotzak jaso eta bideoz grabatzeko; testigantza guztiak bildu ondoren, orotara 30 orduko ikus-entzunezko lana osatu da.

Grabazioetan parte hartu dutenak Franziska Etxebarria eta Ignazio Aranburu, Begoña Bereziartua, Maribel Gorostizagoiza, Mikel Urriz, Julio Ortuzar, Luis Etxebarria, Santi Canales, Jose Luis Madariaga, Victor Orue eta Jose Luis Orue izan dira. Grabazioetan toponimo edo leku izenez gain bestelako gaiak ere landu dituzte hiztunek, besteak beste, haien haurtzaroko bizimodua eta dagoeneko erabiltzen ez diren hitzak edota ohiturak.

Akaitze Kamiruaga izan da lanaren arduraduna, eta aurkezpena abenduaren 28an egin zen udaletxean; Labayruko zuzendari Adolfo Arejita ere bertan izan zen. Aipatutako 30 orduko lanaren laburpen gisa, Labayruko teknikariek 30 minutuko bideotxoa prestatu zuten, eta bideo laburra ikusi ondoren Adolfo Arejitak hizketaldi mamitsua eskaini zuen. Ondoren, udalaren izenean parte hartzaileek oparitxo bana jaso zuten bideoan parte hartu zuten. Bukatzeko, luntx txiki bat izan zuten bertaratutakoek.

Bideoa (bertsio laburtua) Udalaren webgunean ikus daiteke.

Aurrera begira

2018. urteari begira, jasotako  lekuen izenak mapa toponimiko batean jartzeko lana egiteko enkargua eman dio Areatzako Udalak Geograma enpresari. Lan hau aurtengo uztailarako amaituta egongo da, eta sortutako maparen mila ale inprimatuko dira herritarren artean banatzeko.

Informazio gehiago