Albisteak

 
Aurten ere prest daude Areatzako jaiak, eta honi atxikita aurkitu ahalko duzue programa. Egitaraua bete-betea dator, eta, beti bezala, abuztuaren 23tik hasita, ohiko ekintzez gain, ekintza berriak ere antolatu ditu Jai Batzordeak, astebeteko tartean herritarrek zein bertara etorritako bisitariek ezin hobeto pasa dezaten.

Txupinazoa

Aurtengo txupina botatzeko Jai Batzordeak aukeratutako elkartea Txistulari Taldea izan da. Erabaki horretan taldearen hainbat ezaugarri izan dira kontuan; batetik, taldeak ibilbide luzea egin du, eta 25 urte baino gehiago eman ditu igandero kaleetan barrena, gure herria doinuz alaitzen; horrez gain, soilik emakumez osatutako txistulari talde bakarrenetakoa da Euskal Herrian, eta hori ere oso garrantzitsua da oraindik gaur egun. Bukatzeko, taldea beti prest agertu da edozein proposamen eta ekintzetan parte hartzeko, eta jarrera hori ere txalogarria da.
Horrenbestez, txupina botatzeko zein amaieran, jaiei agur esateko ekitaldian Txistulari Taldea izango da aurten protagonista.

Egitaraua

Ohiko ekintzen artean daude, besteak beste, txupinazo, danborrada, play back lehiaketak eta lehiaketa gastronomiko zein musika emanaldiak. Musikari dagokionez, bertako zein kanpoko musikariak izango ditugu gurean. Barikuan, abuztuaren 25ean, Skasti, Itziarren Semeak eta Disk Breakers izango dira. Domekan, abuztuaren 27an, Areatzako Bandaren ohiko kontzertuan Serafín Zubiri ere Areatzan izango da, Nino Bravoren omenezko emanaldia eskaintzeko; martitzenean bertako taldeen txanda izango da, eta Radiocrimen eta Uckaia izango dira eszenatokian, eta, ondoren, DJ Bull; formatu txikiko kontzertuan, berriz, Kherau izango da Zubizarrako plazatxoan, abuztuaren 24an. Ezin dugu ahaztu, horrez gain, berbenak izango ditugula (Akerbeltz eta Oxabi), herriko BatucAKKB taldearen erritmoak ere entzungo direla, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldeak doinu mexikarrak ekarriko dituela, eta abuztuaren 23an herriko txistulari, metaleko musika tresnen jotzaile eta Eskean Kristöko Peio eta Alexek kontzertu txikia eskainiko dutela igerilekuen alboan. Burrunba elektrotxarangak abuztuaren 25ean bisitatuko gaitu, eta, gainera, herriko trikitilariek ere hainbat aldiz izango dira kalean giroa alaitzen.
Aurten Areatzan izango diren bertsolariak ere maila handikoak izango dira; izan ere, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Oihana Iguaran izango dira gurean abuztuaren 24an.
Kirolari dagokionez, orain arte bezala eskupilotaz gozatzeko aukera izango dugu, baita zunbatoian parte hartu zein, aurtengo berrikuntzen artean, mendi buelta bat eman ere; hitzordua azken egunean izango da, abuztuaren 30ean.
Ezin da ahaztu Deabru Beltzak taldeak Su à Feu emanaldia eskainiko duela ohi bezala larunbatean, su artifizialen eta danborradaren emanaldiekin batera. Berrikuntza moduan, kuadrillen olinpiadak itzuliko dira aurten, eta kolore bonba jaia ere antolatu du Jai Batzordeak. Haurrentzako puzgarriak zein herri kirolen tailerrak izango dira, baita ginkana eta bitsaren jaia ere.
Jai Batzordeak zein Udalak zein hobeto pasatzeko nahia adierazi nahi die herritarrei. Ondo-ondo pasau jaietan!


Kartela ikusi (JPG 688KB)

Triptikoa ikusi (JPG 360KB)

Aldizkaria ikusi (PDF 8MB)