Albisteak

 
EMUSIK 2016 Musika Eskolen Europako Jaialdia da, eta aurten Donostian ospatuko da, Europako Kultur Hiriburutzaren ekimenaren barruan. Horri esker, Europako 26 herrialdetako hainbat musika eskoletatik 6000 musika ikasle inguru Euskal Herrira etorriko dira, besteak beste, Alemania, Austria, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Estonia, Finlandia, Frantzia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxemburgo, Norvegia, Suedia eta Suitzatik. Musikari gazteak izango dira eta jaialdiaren baitan ehun kontzertu baino gehiago eskainiko dituzte lurralde osoan, baita Errioxa eta Kantabriako zenbait tokitan ere.
Musika zita handi horri hasiera emateko, maiatzaren 6an, ostirala, goizean, kontzertu izugarria eskainiko dute denek batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Ilunben (Donostia), aurkezpen gisa. Ondoren, beste herri batzuetara abiatuko dira, emanaldi gehiago eskaintzeko. Horren haritik, Arratiako Musika Eskola proiektuaren egoitzetako bat izango da, eta, horren barruan, musikari gazteen zenbait taldek bi kontzertu eskainiko dituzte gure eskualdean, bat Areatzan, maiatzaren 6an bertan, 18:30ean, eta bestea Igorren, maiatzaren 7an, goizeko 11:30ean.
Gure kasuan, hiru talde etorriko dira; batetik, Musikschule Bruggeko (Suitza) Guitar Sound Orchestra taldeak gitarren orkestra emanaldia eskainiko du, 16 eta 17 urteko hogei gazte ingururen eskutik. Bestetik, Suitzatik iritsiko zaigun MadebyK taldeak ere emanaldi berezia eskainiko digu, pianoa, baxua, ahotsa, saxoa, bateria eta saxo tenorez osatutakoa. Azkenik, Torroella de Montgrí herritik (Katalunia) etorriko zaigun Empordanet orkestrak orkestra eta abesbatza emanaldia eskainiko digu.
Eskainiko dituzten abestiei dagokienez, denetarik entzun ahal izango dugu, doinu klasikoak edota Europako Ereserkia, baita proiektu honetarako sortutako Musikatu Bizitza kantua ere. Eguraldi ona bada, gure herriko plazan izango da emanaldia; eguraldia aproposa ez bada, beste kokapen bat zehaztuko da.
Informazio gehiago jasotzeko, egin klik hemen: http://dss2016.eu/eu/dss2016eu/ahotsak/emusik

Kartela ikusi (PDF 3,87MB)