Albisteak

 
Aurten ere Areatzako Udalak 2018ko udal aurrekontuaren diseinuan parte hartzeko aukera eman die herritarrei, eta, horretarako hainbat bide jarri dira eskuragarri.
Batetik, berriz ere areatzapartehartu@gmail.com e-mail helbidea erabilgarri dago nahi duenak, etxetik zein sakelako telefonotik, nahi dituen proposamenak helaraz ditzan. Horrez gain, buzoiak ere jarri dira, bai plazan, bai medikuaren kontsultaren alboan, eta abenduaren 4ra arte erabilgarri egongo dira. Azkenik, azaroaren 29an jendaurreko bilera irekia egingo da, eta hala, nahi duenak bertara jo ahalko du nahi duena esateko. Horrez gain, ez da ahaztu behar urte osoan zehar alkate zein zinegotziekin elkartzeko aukera ere badagoela; horretarako, udaletxera deitu behar da, eta izen-abizenak eta telefono zenbakia utzi behar da. Zinegotzi edo alkateak deituko dio bueltan herritarrari, zita jartzeko.

Gazteak protagonista

Aurtengo kanpainan gazteei protagonismo berezia eman nahi izan zaie eta, horretarako, hainbat komunikazio kanal erabili dira gazteen beharrizan eta iritziak jasotzeko. Batetik, Gaztelekuan ibiltzen diren gazteekin parte hartze dinamika bat egin da, eta gazteek feedback edo ekarpena helarazteko konpromisoa hartu dute. Bestalde, gutun bidez deialdia egin zaie 15 eta 18 urte arteko gazteei, azaro amaieran egingo den bilera zabal batera etortzeko. Bileran udalaren funtzionamendua eta aurrekontuaren esanahia azaltzeaz gain, gazteek esateko daukatena entzun eta etorkizunera begira ahal den neurrian gauzatzeko ahalegina egingo da.