Albisteak

 
Joan den asteburuan ospatu dira Karpoko jaiak, eta giro ezin hobea sortu da. Larunbat goizean hasi zen girotzen Karpo ingurua, sukaldaritza lehiaketako parte-hartzaile batzuk bertaratu zirenean, prestaketekin hasteko. 12.00etan jaietako meza Karpon bertan egin zen, eta ostean Areatzako Bandaren kontzertuaz gozatu ahal izan zuten bertaratutako guztiek. Bitartean, paella eta gisatu usain ederrak ziren nagusi inguruan. Lehiaketa gastronomikoen irabazleak iragarri ondoren, bazkalordua iritsi zen, eta hainbat izan ziren Karpon bertan bazkaltzera geratu ziren herritarrak.

Arratsaldean, 18:30ean, herri kirolen txanda izan zen. Desafioa jokatu zen Goikokalen, eta ez edozelako desafioa, gainera: Laudiotik iritsitako zaldia eta Harriti taldeko neskak nor baino nor gehiago aritu ziren 500 kiloko harria mugitzen. Zaldia izan zen lehenengoa, eta 55 iltzeko distantzia egin zuen. Ostean izan zen Harriti taldeko nesken txanda, baina tamalez 42 iltze osotu zituzten. Hala ere, iltze kopurua alde batera utzita, Harriti taldeak ikuskizun paregabea eskaini zuen, euria hasi eta harriaren katearekin zenbait eragozpen sortu ziren arren. Ezin dugu ahaztu Harriti taldean Areatzako zenbait neska daudela, eta entrenatzailea bera ere herrikoa dela. Iluntzea girotzeko, EinGO Kantan eta Dantzan taldeak jo zuen, eta giro paregabea sortzea lortu zuen.

Asteburua borobiltzeko, igandean, V. Ganadu eta Artisau Azoka izan zen ikusgai Karpon. Abereak, bertoko gastronomia produktuak, arropak zein bitxiak izan ziren ikusgai eta salgai. Bitartean, Areatzako neskak palazko Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako finalerdiak jokatzen zebiltzan. Bi bikotek lortu dute finaletarako sailkatzea. Egunari eta jaiei amaiera emateko baskularen apustua egin zen Karpon, aker eta zaldi banarekin, eta azkenik jaietako errifa zozkatu zen.