Albisteak

 






















AREATZA PHOTO FEST. ARGAZKI MARATOIA OINARRIAK

Lehenengoa. Areatza Photo Festek antolatutako Argazki Maratoiaren lehenengo edizioak parte hartzeko deialdia egiten die hala nahi duten pertsona guztiei.

Bigarrena. Argazki Maratoian parte hartu eta izena ematen duen orok espresuki onartu eta bete egiten ditu bai oinarri hauek, bai antolatzaileek egin dezaketen oinarrien interpretazioa; oinarrietan aurreikusi ez diren alderdiak zuzendu ahalko dituzte antolatzaileek.

Hirugarrena. Argazki Maratoia Areatzan egingo da, 2016ko apirilaren 16an, larunbata. Areatzako Udaletxean prestatutako informazio puntuan hasiko da, eta parte hartzaileek bertan eman beharko dute izena, laugarren puntuan azaldutakoarekin bat etorriz, goizeko 10:00etatik 11:00etara bitartean.
 

Laugarrena. Argazki Maratoiak bi maila izango ditu; bata MAILA ABSOLUTUA izango da, eta 15 urtetik gorakoak lehiatuko dira bertan. Bestea HAURREN MAILA izango da, eta 15 urtetik beherakoek hartuko dute parte maila horretan.
Hasteko unean, argazkiak ateratzeko gaiak jasoko dituen dokumentu bana banatuko zaie parte hartzaileei.
11:00etan parte hartzaile guztien talde argazkia egingo da, eta jarraian hasiko da proba.
Proba 14:00etan amaituko da; une horretan parte hartzaileek Areatzako Udaletxeko informazio puntura joan beharko dute, eta antolatzaileek argazkiak jasoko dituzte.
Parte hartzaileek argazki guztiak 2016ko apirilaren 16an egin beharko dituzte, ezarritako ordutegiaren barruan.
Argazki guztiak Areatza udalerrian egin beharko dira; hortaz, proba beti oinez egin beharko da, eta ez da ibilgailu propiorik beharko.

Bosgarrena. Argazkiak aurkezteari dagokionez, memoria txartela entregatu edo USB kable bidez (parte hartzaileek eraman beharko dute) egin ahalko da; une horretan bertan antolatzaileek argazkiak ordenagailu batera deskargatuko dituzte.
Proposatutako gai bakoitzeko gehienez bi argazki aurkeztu ahalko dira.
Fitxategien formatua JPG izan beharko da beti. RAM formatua ez da onartuko.
Saria eskuratu ahal izateko parte hartzaileek proposatuko zaizkien nahitaezko proba guztiak bukatu beharko dituzte. Argazki ukituak edo manipulatuak ez dira onartuko. Argazkien datak eta orduak proben ordutegiarekin bat etorri beharko dute.

Seigarrena. Antolatzaileen artean zenbait kidek osatutako epaimahaiak argazki irabazleak hautatuko ditu. Puntuazio sistemari dagokionez, argazki bakoitzari 0 eta 10 puntu artean emango dizkio kide bakoitzak; epaimahaikide bakoitzak emandako puntuazioak batu egingo dira, eta orotara puntuazio altuena eskuratu duen argazkia izango da irabazlea. Aurkeztutako argazki guztiak erakusketa batean bilduko dira, eta Areatzan bertan proiektatuko dira, Areatza Photo Fest ekimenaren amaierako jaian, apirilaren 30ean.

Zazpigarrena. Sariak apirilaren 30ean banatuko dira, Areatza Photo Fest ekimenaren amaierako jaian. Honako sari hauek banatuko dira:
1. Sariketako argazki onenari saria, maila ABSOLUTUAN.
2.. Bilduma onenari saria HAURREN MAILAN.
Epaimahaiaren ustez atalen batean aurkeztutako argazkiek ez badaukate saria eskuratzeko nahikoa maila, orduan saria eman gabe geratu ahalko da.
Maila bakoitzeko irabazleak lehenago aipatutako bilduman agertuko dira.

Zortzigarrena. Argazki Maratoian parte hartzearen ondorioz entregatuko dituzten argazki eta irudiei dagokienez, parte hartzaileek espresuki aitortu eta onartu dute argazkiak erabiltzeko eskubide guztiak esklusiboki eta automatikoki lagako dizkietela Areatza Photo Festeko antolatzaileei (bereziki argazkiak kopiatzeko, banatzeko, publikoki komunikatzeko eta aldatzeko eskubideak), hurrengo paragrafoan adierazitako baldintzetan. Aipatutako argazkiak eta irudiak erabiltzeko eskubideak esklusiboki Areatza Photo Festeko antolatzaileei lagako zaizkie une bakoitzean indarrean dagoen jabetza intelektualeko legedian aurreikusitakoarekin bat etorriz eskubide horiek existitzen diren denbora tarte osorako, lurralde mailako irismen mugagabearekin eta edozein euskarri eta/edo hedapen baliabideren bitartez erabiltzeko, aldizkakoa edo ez, esaterako idatzizko prentsan, irratian, telebistan, Internet bidez edo beste edozein sare informatikoren bidez zabaltzeko, zuzenean zein zeharka, horretara lotutako edo lotu gabeko edozein enpresari esker.

Bederatzigarrena. Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 3ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, lehiaketa honen ondorioz eskuratuko dituen datu pertsonalen tratamenduaren erantzulea den aldetik, Areatza Photo Festek jakinarazten du datu pertsonal horiek izaera pertsonaleko datuen fitxategi batean jasoko direla, lehiaketa honen xedeari dagokionez. Interesdunak datuak ikusteko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta horien aurka egiteko daukan eskubideak erabil ditzakeela bermatzen da, aipatutako legean aurreikusitako baldintzetan.

Hamargarrena. Parte hartzaileek eta/edo haien kideek Argazki Maratoia garatzean erabilitako materialean, ekipamenduan edo beraien pertsonengan kalteak pairatzen badituzte, edo horrek hirugarrenei kalteak eragiten badizkie, orduan antolatzaileek edo babesleek ez dute inolako ardura edo erantzukizunik izango.