Albisteak

 

Apirilaren 1ean Areatza Photo Fest argazkilaritza jaialdiaren lehenengo edizioa hasiko da Areatza herrian; Areatzako Udalak eta Bostok Photok antolatu dute elkarlanean, hilabete iraungo du eta aurreko urteetako ikastaroei jarraipena emanez argazkilaritzari bultzada ematea du xede; herriko zein inguruetako pertsona guztiei zuzenduta egongo da.
Hala, apirilean adin guztietako publikoari zuzendutako tailer, hitzaldi, mahai inguru, erakusketa eta bestelako jarduerekin gozatzeko aukera izango dugu.

Hasteko, apirilaren 7an mahai inguru bat egingo da, "Emakumea eta Argazkilaritza" izenburupean. Helburua arlo desberdinetan sektoreko hiru profesionalek daukaten ikuspuntua ezagutzea izango da, eta horretarako, gonbidatu gisa gure artean izango ditugu Eva Parey (kazetaritzako argazkilaritzan eta argazkilaritza dokumentalean espezializatutako argazkilaria), Gema Arrugaeta (natura, bidaiak, landa eremua eta erreportajeak lantzen dituen argazkilari profesionala) eta Josune Mtz de Albaniz (Marca kirol egunkariko argazkilaria).

Apirilaren 8an, Areatzako ludotekarekin elkarlanean, 8 eta 12 urte arteko  haurrentzako tailer bat egingo da. Argazkilaritza gaztetxoenei gerturatzea, argazkiak ateratzeko prozesua ezagutzera ematea eta beraiek ateratako argazkien emaitzak ere ikustea izango da helburua. Halaber, egun horretan bertan photocall bat egingo dugu, animatzen den edonork, haur zein heldu, erabil dezan.

Ostegunetan, berriz, hitzaldiak eskainiko dira. Apirilaren 14an hasiko dira hitzaldiak; egun horretan Jon Urbe kazetaritzako argazkilariarekin batera autore argazkilaritza aztertuko dugu. Hurrengo ostegunean, apirilaren 21ean, Nervio Photoko kide den Javi Julio kazetaritzako argazkilari freelancearen eskutik argazkilaritza dokumentalean interesatutako argazkilari baten esperientzia ezagutuko dugu; ibilbide profesionala, besteak beste, estatu espainiarrean, Aljerian, Ukrainan, Jordanian eta Grezian garatu du Javi Juliok eta giza eskubideak eta borroka sozialak izan dira bere argazkilaritza lanaren xede. Azkenik, apirilaren 29an (kasu honetan, ostirala), Ander Gillenea kazetaritzako argazkilaria izango dugu gurekin; Euskal Herriko gatazkan zentratutako hogei urteko ibilbidearen berri emango digu.

Apirilaren 16an, larunbata, argazkilaritza maratoi bat egingo da, egun osoan zehar; aurreko  ikasturteetako ikasleekin batera egingo da, baina interesa duen orok parte hartu ahalko du. Oinarriak www.areatza.net webgunean jarriko dira eskuragai.

 Hilabete osoan zehar, gainera, honako erakusketa hauek izango ditugu ikusgai:

- Al son del Punk erakusketa Hagina Tabernan izango da ikusgai. Autorea Josu Trueba Leiva  da, Bostok Photokoa.
- Music Snapper erakusketa musika jaialdiei buruzkoa da, eta Stuart Mcdonalden argazkiak biltzen ditu. Hotel Balnearioan izango dugu.
- Mikel Alonso argazkilariaren Gastronomía y Erotismo bildumarekin gozatzeko Bixer eta The Quiet Corner tabernetara jo beharko dugu.
- Amateur aurreko ikastaroetako ikasleen argazkiek osatutako bilduma  Areatzako kaleetako hainbat txokotan jarriko da.

Jaialdia bukatzeko, apirilaren 30ean, ostirala, jaialdian zehar ateratako argazkiak (haurren tailerrean, argazki maratoian kalean proiektatuko dira, eta, amaitzeko, Vomitando desperdicios taldeak punk estiloko kontzertua eskainiko du Areatzako Gaztetxean.

 Kartela ikusi (JPG 596KB)

Argazki maratoia oinarriak