Albisteak

 

Orain arte herrian berdintasunaren alde egin den lanaren diagnostikoa egingo du Areatzako Udalak, hurrengo berdintasun plana prestatzeko helburuarekin. Izan ere, aurretik egindako  lanaren diagnostikoa edukitzea beharrezkoa da ondorengo lan ildoak zehazteko.

Diagnostikoa egiteko diru laguntza eskaera egin zuen Udalak Emakunden, eta eskaera onartuta dago. Hala, Emakundek proiektuaren %75 ordainduko du, eta Udalak, berriz, gainerakoa, %25, hartuko du bere gain.

Egitasmoak hainbat atal barnebilduko ditu, besteak beste, aurretik landutako dokumentuak eta planak aztertzea eta datu kuantitatiboak jasotzea, aurreko legegintzaldietako berdintasun zinegotziekin elkarrizketak egitea edota herritarrek parte hartzeko espazioak sortzea.

Proiektua Errotik kooperatibak garatuko du eta Arratiako Mankomunitateko berdintasun teknikari berriak gainbegiratuko du. Diagnostikoa egiteko proiektua 9.650 euro (gehi BEZ) kostako da, eta esan bezala, Udalari guztizkoaren laurdena ordaintzea dagokio.

COVID19aren eraginera egokitu behar izan du hasierako proiektuak, eta beraz, hainbat aldaketa eta moldaketa egin behar izan dira berme guztiak eman ahal izateko.

Udalak aurrerago emango ditu egitasmoaren xehetasunak eta datak.