Albisteak

 

Areatzako Udaleko gobernu taldea 2020ko aurrekontua lantzen ari da azken asteetan eta, azken urteetan bezala, aurten ere denbora tarte bat irekiko du herritarrek nahi dituzten ekarpenak eta iritziak helaraz ditzaten. Izan ere, aurrekontua Udalaren tresna garrantzitsuenetariko bat da, bertan aurreikusten baitira urteko gastuak eta sarrerak. Gainera, Udalaren oreka ekonomikoa bermatu eta lana kontrolatzeko bitarteko egokia da urteko aurrekontua.

Hala, datorren urterako iradokizunak igorri nahi dituzten herritarrek hainbat bide izango dituzte aukeran Udalari jakinarazteko; orain arteko ohiko bideak eskuragarri jarriko dira, besteak beste, helbide elektronikoa (areatzapartehartzea@gmail.com), udaletxean jarriko den postontzia edota app-a; horrez gain, aurten, berrikuntza modura, Udalak telefono mugikorretik zein ordenagailutik erantzun ahalko den galdetegi labur bat ere prestatuko du herritarren iritziak eta inpresioak jakiteko. Hona hemen inkesta: https://forms.gle/sKvT3GKfbFieb7PB9 Epea abenduaren 10ean bukatuko da.

Herria herritar guztien artean egiten dugunez, denon ikuspuntuak dira garrantzitsuak eta, hortaz, Udalak herritarrak animatu nahi ditu iritziak helarazi eta Udalaren aurrekontua prestatzen ekarpena egin dezaten.