Albisteak

 

Aurten ere Areatzako Jai Batzordeak lan izugarria egin du abuztuaren 23rako dena prestatzeko, eta dagoeneko badaukagu jai egitaraua esku artean. Aurten kartel lehiaketaren irabazlea Irati Petuya Ingunza izan da, zorionak Irati!

Txupinazoa

Ohi bezala, abuztuaren 23an izango da txupinazoa, eta oraingoan Areatzako Bandak botako du txupina, gure herriak lotura sendoa duelako musikarekin eta lotura eta harreman horren froga delako Areatzako Banda, baita Agrupación Artistica Villaresa eta Kaixo Fanfarria ere. 

Areatzako Bandaren lan guztia posible egiteko atzean dagoen taldearen inplikazioa eta dedikazioa modu hurbilean nabarmendu eta eskertu nahi ditu Jai Batzordeak, eta horrenbestez, txupina botatzeko zein amaieran, jaiei agur esateko ekitaldian Areatzako Banda izango da aurten protagonista. Eskerrik asko Areatzako Banda, eta biba zuek!

Egitaraua

Ohiko ekintzen artean daude, besteak beste, txupinazoa, danborrada, play back lehiaketa eta lehiaketa gastronomiko zein musika emanaldiak. Musikari dagokionez, bertako zein kanpoko musikariak izango ditugu gurean. Txupinazo egunean, hasierako kalejiran Areatzako Txistulariak, Bizkaiko Gaiteroak eta Areatzako Banda bera izango dira; arratsaldean Kittu taldeak egingo du kalejira eta iluntzean, 20:30ean, Rukula taldeak emanaldia eskainiko du plazan. Gauean Trikizio taldeak girotuko du plaza.

Larunbatean, abuztuaren 24an, txistu eta metalezko musika tresnek kalejira egingo dute meza aurretik zein ondoren, eta eguerdian herriko trikitilariek egingo dute kalejira. Iluntzean herriko BatucAKKB taldearen emanaldia izango dugu eta 23:00etan, berriz, erromeria JOXPA taldearekin. Igandean berriz, abuztuaren 25ean, Kaixo Fanfarrea gogoratzeko kalejira egingo da eguerdian, eta gauean Areatzako Bandaren kontzertua izango da. Martitzenean, abuztuaren 27an, Alboka taldearen kontzertua izango dugu Zubizarra plazan, eta asteazkenean, hilak 28, kontzertu sorpresa egongo da Motxo tabernan. Ostegunean diskofesta eskainiko da eta ostiralean, berriz, Burrunba elektrotxaranga etorriko zaigu iluntzean eta Uckaia eta Willis Drummond taldeek kontzertua eskainiko dute gauean. Ondoren, DJ Isma etorriko da gurera. Larunbatean, azken egunean, Ezten giro taldeak girotuko du plaza.

Musikaz gain, adin guztietarako ekintzak antolatu dira. Asteartean hirugarren adinekoentzako luntxa eskainiko da, eta Jokaldi taldeak emanaldia eskainiko du; ondoren txokolatea eta txurroak eskainiko zaizkie. Txikienentzako ere hainbat ekintza prestatu dira, besteak beste, puzgarriak, bitsaren jaia eta kolore bonbaren jaia, DJ Ismak girotuta. Horrez gain, igandean karaokea izango da ume eta gazteentzat plazan.

Kirolari dagokionez, orain arte bezala eskupilotaz gozatzeko aukera izango dugu, abuztuaren 24an. Horrez gain, herri kirolen emanaldia eskainiko da plazan, egun berean. Errotutako lehiaketa gastronomikoak eta karta jokoen lehiaketak ere antolatu dira.

Ezin da ahaztu Ganso and Cía Taldeak Babo Royal antzezlana eskainiko duela astelehenean. Berrikuntza modura, asteazkenean, hilak 28, rally umoristikoa antolatu da eta kuadrillen arteko jokoak egingo dira. Horrez gain, afari herrikoiarekin batera mozorro gaua ere egingo da aurten, bideo joko eta marrazki bizidunetako pertsonaiak gaitzat hartuta.

Jai Batzordeak zein Udalak zein hobeto pasatzeko nahia adierazi nahi die herritarrei. Ondo-ondo pasau jaietan!

Egitaraua (PDF 301KB)

Aldizkaria (PDF 8,70MB)