Albisteak

 

Aurtengo maiatzaren 26an eginiko udal mailako hauteskundeetan, EH Bilduk 425 boto lortu zituen Areatzan, EAJ alderdiak 262 boto, PP alderdiak 15 boto eta PSOE alderdiak, berriz, 13 boto; hala, emaitza horien ondorioz, EH Bilduren hautagaitzak lortu du alkatetza, eta bigarrena izan da EAJ taldea. Orotara, EH Bilduk 6 zinegotzi lortu ditu, aurreko legegintzaldian baino bat gehiago, eta EAJk hiru zinegotzi izango ditu, aurreko legegintzaldian baino bat gutxiago. PP eta PSOE alderdiek ez dute Udalean ordezkaririk izango.  Hauteskundeen ondoren, ekainaren 15ean egin zen udal berria eratzeko ohiko bilkura. Hala, Asier Garcia Artetxe izendatu zuten alkate, EH Bilduren hautagaia, eta alkatearekin batera lanean arituko dira Yazmina Beobide Aldape, Maitane Diez Landajo, Iban Simon Iruretagoiena, Joserra Ipiñazar Añibarro eta Carmen Taban Tudorache. EAJ-PNVren zinegotzi izango dira, bestalde, Damian Agirremota Pujana, Jesus Mari Artetxe Arce eta Natalia Vivar Palacios. Itziar Zuloaga Egaña kideak uko egin zion zinegotzi izateari, eta, hortaz, Natalia Vivar Palaciosek ordeztuko du.

Gobernu taldeko kideek izango dituzten ardurei dagokienez, Asier Garcia alkatea Langileak, herri administrazioa eta udal zerbitzuak arloaz arduratuko da, Yazmina Beobidek Kultura, aisia, kirola eta jaiak gaiak hartuko ditu bere gain, eta Maitane Diezek berriz, Komunikazioa, gardentasuna eta parte hartzea; Iban Simon Hirigintza eta lurralde antolaketaz arduratuko da eta Joserra Ipiñazar Ekonomia eta toki garapenaz; azkenik, Carmen Taban Gizarte ekintza arloaren arduraduna izango da. Berdintasuna eta euskara zeharlerro moduan landuko dira; berdintasunaz Maitane Diez arduratuko da, eta euskararen arloa Yazmina Beobidek hartuko du.