Albisteak

 

Aurten Martxoaren 8a, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, inoiz baino indartsuago dator; izan ere, ohiko protesta eta aldarrikapenez gain, mugimendu sozialek eta hainbat taldek emakumeek greba orokorra egiteko deia ere egin dute, bai lan arloko greba, bai zaintza lanetako greba. Deia luze eta zabal hedatu da eta hainbat esparrutara iritsi da.

Gurean ere talde feministek greba deialdia egin dute, eta erakundeek hainbat hitzordu antolatu dituzte egun seinalatu hori nabarmentzeko. Hala, martxoaren 8an, 12:00etan, Igorreko Kultur Etxearen aurrean kontzentrazio zaratatsua egiteko deia egin dute. Halaber, beste herri batzuetan ere hainbat hitzordu antolatu dira; Arantzazun, esaterako, Irantzu Varela izango dugu hizlari martxoaren 6an, 19:00etan, eta Bedian mendi martxa eta luntxa antolatu dute martxoaren 4rako. Hitzordu guztiak atxikitako kartelean ikus daitezke.

Gure herriari dagokionez, batetik, Josebe Iturriozek (Faktoria Lila) “Maitasun erromantikoa vs. Maitasun askea” tailerra eskainiko du Areatzan, martxoaren 9an (ostirala) arratsaldez eta martxoaren 10ean (larunbata) goizez, Andren Jabekuntza Eskolarekin elkarlanean. Ikastaroa doan eta euskaraz izango da, eta lehenbailehen eman behar da izena, epea martxoaren 2an bukatzen baita. Hona hemen izena emateko esteka: https://goo.gl/forms/jvCM47mr0cPWl3uM2

Bestetik, martxoaren 10ean “Nomofobikak Sarean kateatuta” antzezlana eskainiko da Areatzako udaletxeko ekitaldi aretoan, 20:00etan, Areatzako Udalak eta AKKBk elkarlanean antolatuta.