Albisteak

 
Azken hileetan Areatzako toponimia eta herri ondarea batzeko lana egin du Areatzako Udalak, Labayru Fundazioarekin batera; hala, zenbait astetan landa lana egin da, eta horretarako Labayruko teknikariak Areatzako zenbait herritarrekin elkartu dira haien lekukotzak jaso eta bideoz grabatzeko; testigantza guztiak bildu ondoren, orotara 30 orduko ikus-entzunezko lana osatu da.

Grabazioetan parte hartu dutenak Franziska Etxebarria eta Ignazio Aranburu, Begoña Bereziartua, Maribel Gorostizagoiza, Mikel Urriz, Julio Ortuzar, Luis Etxebarria, Santi Canales, Jose Luis Madariaga, Victor Orue eta Jose Luis Orue izan dira. Grabazioetan toponimo edo leku izenez gain bestelako gaiak ere landu dituzte hiztunek, besteak beste, garai hartako bizimodua eta dagoeneko erabiltzen ez diren hitzak edota ohiturak.

Hala, abenduaren 28an egin zen lanaren aurkezpena, udaletxean, eta bertan bildu ziren udaleko ordezkariak, Labayruko teknikari zein arduradunak eta baita grabazioetan parte hartu duten hainbat kide ere. Akaitze Kamiruaga izan da lanaren arduraduna, eta aurkezpenean Labayruko zuzendari Adolfo Arejita ere bertan izan zen. Aipatutako 30 orduko lanaren laburpen gisa, Labayruko teknikariek 30 minutuko bideo labur bat prestatu zuten, eta bideoa ikusi ondoren Adolfo Arejitak hizketaldi mamitsua eskaini zuen. Ondoren, udalaren izenean, Asier García Artetxe alkateak oparitxo bana eman zien bideoan parte hartu zuten herritarrei, eta lekuko batzuek ezin izan zutenez bertan egon, lekukoen senideek jaso zuten udalaren oroigarria. Bukatzeko, luntx txiki bat izan zuten bertaratutakoek.

Bideoa (bertsio laburtua) Udalaren webgunean jarriko da ikusgai.