Albisteak

 
Ohitura denez, uztailaren 31n hainbat bisitari hurbilduko dira Gorbeiara, eta horretarako Foru Aldundiak doako autobus zerbitzua antolatu du berriz ere, Gorbeibusa izenekoa, Areatzatik Pagomakurrera iristeko. Horrela, herritarrek zein bisitariek ibilgailua herrian utzi, eta Gorbeibusa erabiliz Pagomakurrera iristea sustatu nahi da. Ondoren, Pagomakurretik oinez egin dezakete bidea Gorbeiako Gurutzera iristeko. Herrian, igerilekuen atzeko aparkalekutik abiatuko dira Gorbeibusak, eta bidaiak 20 minuturo egingo dira, bi noranzkoetan. Lehen autobusa goizeko 07:00etan abiatuko da Areatzatik, eta azken autobusa, berriz, arratsaldeko 19:00etan jaitsiko da Pagomakurretik. Txakurra eraman nahi duenak horretarako aukera ere izango du, trasportinen zerbitzua eskainiko baita.

Gogoan izan behar da egun horretan Gorbeibusez bakarrik igo ahalko dela Pagomakurrera, eta norberaren ibilgailua herrian utzi beharko dela. Zaldiz edo bizikletaz ere ezin izango da igaro. Lurren jabeak, abeltzainak eta inguruko babeslekuen erabiltzaileak ere ezin izango dira sartu. Horretarako hainbat aparkaleku prestatu dituzte herrian bertan, zehazki, Arratiano jatetxean, Astondoa Piroteknian, Guardaminon, Eskolan, Bolibarren, Karpon eta Iturrimaurren.

Areatzako Udalak bisitariak gonbidatu nahi ditu Gorbeiara igotzeaz gain herria ere ezagut dezaten, Erdi Aroko egituradun alde zaharra ezagutu, gure kaleetatik paseatu eta bertan gera daitezen bazkaltzera.

Ordutegiak ikusi (PDF 153KB)