Albisteak

 

Udal tasak eta zergak arautzen dituzten ordenantza fiskaletan aldaketak egingo ditu Areatzako Udalak. Alde batetik, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa egin beharko dute laster herriko eraikin askok, eta ondorioz, etxebizitza batzuei obrak egitea egokituko zaie. Obrak egiteko urgentzia zenbaterainokoa den ikuskaritza egin osteko txostenek zehaztuko die etxe jabeei: berehalakoa, oso presazkoa, presazkoa edo gomendagarria izango da.
Obrek etxe jabeei eragingo dien gastuari udaleko lizentzia urbanistikoaren tasa eta Instalazioen, Eraikuntzen eta Obren gaineko Zerga gehitu behar zaizkio. Horrek guztiak gastu handia ekarriko die eraikinen jabeei epe laburrean, eta beraz, Areatzako Udalak bere esku dauden zergak eta lizentzia urbanistikoaren tasa jaistea erabaki du, obren urgentzia berehalakoa, oso presazkoa eta presazkoa den kasuetan.

Herritarren iritziak

Beste alde batetik, honako tasa hauek ere aldatzea aztertzen ari da udala: txakur abandonatuak batzeari dagozkionak eta udalekuei eta igerilekuari dagozkienak. Izan ere, txakur abandonatuak batu, mantendu eta zaintzeko enpresa bat kontratatu du udalak aurten, eta horrek gastua handitzea ekarri du. Hori dela eta, txakur abandonatuen jabeei aplikatzen zaizkien tasak handitzea edo aldatzea aztertzen ari da udala. Bestetik, bai udalekuek baita igerilekuek ere gastu handia eragiten diote udalari, eta, ondorioz, erabiltzaileek zerbitzu horiengatik ordaintzen dituzten kuotak berrikusi egingo dira.
Aldaketa horien guztien inguruko iritziak batu nahi ditu udalak. Horretarako, herritarrekin eta herriko elkarteekin batuko da laster, guztien artean ordenantzarik egokienak prestatzeko helburuarekin.