Albisteak

 

Hainbat elkartek Blues and Beer Areatzako Nazioarteko Jaialdia antolatu dute maiatzaren 24tik 27ra arte, garagardoa eta blues musika batzeko asmoz. Hitzaldiak, kontzertuak, emanaldi didaktikoak zein, nola ez, hainbat garagardorekin gozatzeko aukera egongo da egun horietan Areatzan bertan.

Egitaraua
Egitasmoaren programazioa maiatzaren 24an abiatuko da, asteazkena; egun horretan, goizeko 10:00etan Castigators taldeak kontzertu didaktikoa eskainiko du Areatza eta Zeanuriko eskolako ikasleentzat udal aretoan. Iluntzean, berriz, Carlos Sagi hizlariak “El blues y la cultura popular del siglo XX” mintzaldia eskainiko du udal aretoan; ondoren, jaialdiaren aurkezpen txiki bat egingo da, Basqueland Brewing Projecten garagardoen azalpen labur bat eskainiz; hitzordua 19:00etan izango da.
Ostiralean, maiatzaren 26an, berriz, Castigators taldeak herria girotuko du 19:00ak aldera kalejira eginez, eta 20:30ean kainak zerbitzatzekoak zabaltzeko ohiko pröst-a egingo da. 21:30ean musikaren txanda izango da, Blue Fever (Frantzia/Ingalaterra) eta Travelling Brothers (Euskal Herria) taldeen kontzertuekin.
Hurrengo egunean, larunbatean (hilak 27), 12:30ean zabalduko dira kainak zerbitzatzekoak. Tarte horretan, halaber, errefuxiatuen aldeko elkartasun kainerua ere zabalduko da; horrela, batutako diru hori errefuxiatuei laguntzera bideratuko da. Eguerdian, 13:30ean, DJ Alaik girotuko du herria, eta bazkalondoren, 17:00etan, Munduko I. Garagardo Kupel Jaurtiketako Lehiaketa izango da, plazan. Ondoren, 18:00etan, Sonic Free Station musika taldeak emanaldia eskainiko du, eta gero, 20:00etan, Last fair deal taldearen txanda izango da (Rory Gallagherren tributu taldea da). 21:00etan errifaren zozketa egingo dute, eta eguna bukatzeko, 22:00etan, The Pushermen taldearen kontzertua ikusteko aukera egongo da.

Hainbat garagardo aukeran, baita jatekoa ere
Garagardoei dagokienez, jaialdian Hernanin (Gipuzkoa) kokatutako Basqueland Brewing Project garagardo lantegiko garagardoak zerbitzatuko dira, hau da, Euskal Herrian ekoiztutako garagardoak.
Horrez gain, bai bazkaltzeko, bai afaltzeko Eskatza eta mahatsa izeneko foodtrucka izango dugu herrian. Foodtruck horretako sukaldaria, Julen Baz, estatu mailako Pintxo Lehiaketako finalista izan zen 2015ean.

Garraiorako aukerak
Ez da herrira ez gerturatzeko aitzakiarik egongo; izan ere, antolatzaileek autobus zerbitzua jarriko dute larunbatean Areatzara etortzeko; hain zuzen ere, Galdakaotik abiatuko da autobusa goizeko 11:30ean (Juan Bautista kalean); Usansolo (tren geltokian, 11:45ean), Lemoa (tren geltokian, 12:00etan), Igorre (Rugby taberna pareko bus geltokian, 12:15ean) eta Arantzazu (autobus geltokian, 12:30ean) zeharkatuko ditu Areatzara iritsi arte. Ondoren, gaueko 02:00etan aurkako ibilbidea egingo du, etorritakoak etxera bueltatzeko. Autobus zerbitzua doakoa izango da.

Antolakuntzan hainbat talde, elkarlanean
Antolatzaileei dagokienez, hainbat talde aritu dira lanean programazioa prestatzen, hain zuzen ere AGE Beerllaro, Areatzako Tabernarien Elkartea, Areatzako Udala eta AKKB kultur eta kirol taldea. Horrez gain, AVIA, Areatzako Bainuetxea, Basqueland Brewing Project, Mediolanum, Alkizabal eta Gorbeialdek babestutako ekimena da.