Albisteak

 

Areatzako Euskara Batzordeak, beste askoren artean, jolasguneak euskalduntzea du bere helburuen artean, eta arlo horretan  eragitekotan "Olgau euskaraz!" ekimena jarri du abian Areatzako Guraso Elkartea, eta Areatzako Eskolarekin elkarlanean. Honen helburuak asko dira, baina batez ere, ume eta gazteen arteko jolasteko hizkuntza ohituretan eragitea da.

Ez da gauza berria, herrian, umeak gaztelera hutsean jolasten entzutea. Eskolako irakasleak ere honetaz ohartu dira, baina gaztelerarako saltoa gero eta arinago egiten dutela esaten dute, eta herritar eta gurasook ere horrela den zalantzarik ez dugu. Honen aurrean, zerbait egin behar dela eta jolasetatik hastea erabaki du Euskara Batzordeak.

"Olgau euskaraz!" ekimena Areatzako umeek euskarazko joko eta abestiak ikastean datza nolabaiteko ohitura sortu eta jarraipena emateko. Baina argi dago, honetan, gurasoek ere paper garrantzitsua dutela eta horregatik, gurasoak ere protagonista izango dira.

"Olgau euskaraz!" ekintza, pasa den ostegunean hasi zen herriko eskolan eta 5 astez Urtxintxako begiraleek bideratuko dute. Lehenengo hiru asteetan (hiru ostegun jarraian) umeak bazkalostean arituko dira begiraleekin euskarazko joko eta abestiak ikasten. Bertan, jantokiko begiraleak eta eskolako irakasleak ere laguntzen egongo dira eta jantokian bazkaltzen geratzen ez diren umeek ere parte hartuko dute. Eta hurrengo bi asteetan (domekak 12.00 etatik 13.30etara) jolas horiek plazara eramango dira. Bi igande hauetan, ume (eskolako zein eskolan ez daudenak) eta gurasoak, denak elkarrekin egongo dira bigaraleek bideratutako jolas eta abestiekin disfrutatzen. Gurasoek ere, beraien txikitako jolasak erakutsi ahalko dizkiete umeei elkarrengandik ikasi eta elkarrekin euskaraz disfrutatzea helburu duen ekimen honetan. Bost aste hauek bukatutakoan, hilean igande bitan egingo da "Jolastu euskaraz"erako deialdia, baina hemendik aurrera begiralerik gabe. Hau da, bost aste hauek hortik aurrerako ohitura bat sortzeko balio izatea espero da eta udan geldiunea egin arren, irailean berriro martxa hartzea espero da.

Esan bezala, ostegun honetan (maiatzaren 7an) eman zaio hasiera eta irakasleek oso ekintza positibotzat jo dute, nahiz eta ume asko izan begirale gutxirekin.

Areatzako Euskara Batzordeak, Guraso Elkarteak eta Eskolak "olgau euskaraz!"-en parte hartzera gonbidatzen ditu herriko ume eta guraso guztiak jolasteko orduan hizkuntzaren erabilerak sortzen duen ohituraren garrantziaz ohartuta gure herriko egoeran aldaketaren bat lortze aldera.

Areatzako Euskara Batzordea.