Albisteak

Areatza Lantzen 

Orain dala urte batzuetatik hona, Areatza Lantzen herri honetako parte da. Oinarrizko komunikazino tresna izan da Udalaren eta herritarren artean: udalerriko errealidadea edo, hobeto esanda, bertako errealidadeak zeintzuk diran jakiten lagundu deusku. Bere orrialdeetan, era askotako albisteak eta erreportajeak agertu dira, baita zer eta nor garen erakutsi daben alkarrizketa eta argazki asko be.

Areatza Lantzen argitalpenak eskaintzen zituan eduki on guztiak emoten jarraitu gura dogu, baina gaur egungo garaietara egokituta. Udalak unean-unean informatzen jarraitzearen alde egingo dau, baina udaleko diru-kutxetan kostu txikiagoa sortuta.

Murrizketak orrialde kopuruan eragingo dau, aurrerantzean 4 izango ditu-eta; baina sarriago atarako danez, informazinoa barriagoa izango da, gaurkotuagoa. Azken finean, prezioa murriztu egingo da, baina ez informazino-edukiaren kalidadea.

Horregaitik, hemendik aurrera, Areatza Lantzen barria jasoko dozue guztiok etxean. Argitalpen barri hau aurrekoaren jarraipena da, baina errealidadea beste era batean agertzeko asmoagaz jaio da: arinagoa eta azkarragoa, gertatzen danagaz harreman gaurkotuagoa izatea ahalbidetzen dauana. Areatza gero eta hobea eregiten jarraitu gura dogu, herritarren laguntzagaz, eta, zentzu horretan, herritarren partaidetzaz gain, informatzea ezinbestekoa da. Areatza Lantzen barria argitalpenak interes handiko udal informazinoa eskainiko dau, eta Areatzan antolatuko diran kultur, gizarte edo kirol arloko jarduera guztien barri emongo dau. Era berean, noizean behin, ez dira faltako udalerriko persona, talde edo ekimenei buruzko alkarrizketak edo erreportajeak be.

Benetan espero dogu zuen gustukoa izatea.

Areatzako Udala

Irakurri argitalpena