Albisteak

Gorbeia Central Park 

Ekimen turistikoa zentzumen-esperientzietan oinarritzen da, hala nola, afariak izarren azpian, siestak zelaietan edota astronomi saioak. Proposamenean Gorbeialdeko Araba zein Bizkaiko udalerriek hartzen dute parte (Areatza, Zeanuri, Orozko, Legutio, Zuia edota Zigoitia, besteak beste).

Zuiako Koadrila keta Gorbeialde Landa Garapen Agentziak "Gorbeia Central Park" produktua atera dute. Ekimen berritzaile honek, Eusko Jaurlaritzak -Basquetour, Euskal Turismo Agentziaren bitartez- eta Araba eta Bizkaiko Aldundiak sustatutakoa, ez du parekorik Euskadi eta Estatu mailan. Honen bitartez, bisitariek esperientzia ugarirekin gozatu ahal izango dute: goizaldeko lehen argiak altuera handian dauden parajeetan ikusi, izarren azpian afari erromantiko batekin gozatu edota basoen gauetako isiltasuna sentitu.

Proposamen hauekin hirietatik datozen turistek sentsazio ahaztezinak bizi ahal izango dituzte. New Yorkeko Central Park parkearen simulazioa eginez, Areatza, Zeanuri, Orozko, Legutio, Zuia edo Zigoitiako udalerriek 19 eskaintza erakargarri diseinatu dituzte elkartzen dituen parke naturala turismo alternatiborako gune bilakatzeko, ingurumena kaltetu barik.

Ekimena Lakuako Gobernuaren marketin turistikoko egitasmoan kokatzen da eta 80 agente turistiko desberdinek eskainiko dute, hauen artean Gorbeialdeko artisauak, ostalaritza enpresarioak eta bertoko ekoizleak. Turismoa egiteko era berri honen bitartez, bisitariak paraje natural eder hauetara bideratu ahal izango dira hauek oinez ibiltzeko lekuak baino askoz gehiago direla ulertu dezaten.

19 esperientzia paregabe
Opor-sorta antzekoak garatu dira, iraupen desberdinetakoak, "termo-egunsentia" edota "siestodromoa" bezalako izen erakargarriekin. Lehenengoak altueran egunsentiaz gozatzeko aukera emango du, horretarako esperientzia handiko mendizale batzuekin ibilbidea eginez eta ostean gosari eder bat hartuz mendiko aterpetxe baten. Bigarrenarekin, bisitariei ekintzaile turistikoek aurretik aukeratuko duten parkearen lekurik lasaienetako batekin gozatzeko beharrezko duten guztia eskainiko zaie bertan gaua igarotzeko.

Kanpainan Gorbeialdeko Araba zein Bizkaiko udalerriek hartzen dute parte, Zuiako Koadrilarekin eta Gorbeialde Landa Garapen Agentziarekin ordezkatuta, hurrenez hurren. Zentzumen-esperientzia hauetakoren batekin gozatu nahi dutenek www.gorbeiacentralpark.com web orrialdearen bitartez kontratatu ditzakete.

Aipatutako ideiez gain, Gorbeia Central Park izeneko ekimenak egun batez artzain lanak egiteko aukera ere emango du, euskal artzain txakur leialen laguntzarekin ardiak zainduz. Horrez gain, “osotasunera heldu” ahal izango da yoga eginez mendi tontor baten gainean, bertako ikuspegiekin gozatuz, edota baso baten sakontasunean entzun daitezkeen errekastoen zurrumurruarekin inguratuta.

Abentura atsegin dutenek, gaueko iluntasunean murgildu ahal izango dira "safaria itsuan" izeneko proposamenarekin. Honekin eguzkia ezkutatzen denean hobeto entzuten diren parke naturaleko faunaren bitxikeriak ezagutzeko aukera egongo da, Egunez, bisitariek gurpil gaineko picnic-a aukeratu ahal izango dute, bizikleta baten saskian eurek nahi duten lekuan bazkaltzeko beharko duten guztia emango zaielako.

Turismo gastronomikoarekin jarraituz, sukaldaritza bideak proposamenarekin bidaiariak baso desberdinak zeharkatu ahal izango ditu hainbat taberna eta jatetxetan geldialdiak eginez. pintxo, menu zein bertoko postreak dastatuz.

Erreserbak
Proposamen hauetakoren baten parte hartzeko bisitariek euren sorta aurretiaz erreserbatu ahal izango dute www.gorbeiacentralpark.com webgune berrian. Behin orrira sartuta, erabiltzaileak erosi nahi duen esperientzia aukeratuko du, erabilgarritasuna begiratu du, inguruan alojamendurako dituen aukerak eskainiko zaizkio eta ordainketa edo erreserba web orriaren bitartez egin ahal izango du.
 
Booking bezalako sistematan hotel baten erreserba egin edota hegazkinerako txartela erostean bezain erraza da. Halere, euren erreserba era tradizionalean egin nahi dutenek Gorbeia Central Park-eko Turismo Bulego bietakoren batera deitu ahal izango dute – Dima 94 404 60 97 edo Murgia 945 43 01 67 – eta bertan emango zaie behar duten informazioa eta sorta desberdinen artean aukeraketa egiten lagunduko zaie.