Albisteak

 

- Egindako azken foroan, azken urteetan Areatzan izandako herritarren partaidetzari buruzko azterketa baten ondorioak aurkeztu ziran.

- Toki Agendako Ekintza Planeko batzarretan parte hartu dabenek pentsetan dabe gai orokorregiak tratau dirala, eta euren ekarpenak ez dirala lotu emoitza hautemangarriakaz.

- Udalak uste hori saihestu gura dau, eta batzar ireki baten parte hartzeko deia egingo deutse herritar guztiei, benetan be ze gai diran kezkagarriak erabagiteko.

 
Areatzako Udalak Herritarren Partaidetzarako Foroaren edizino barria egingo dau hemendik gitxira; sortu zanetik, ekimen horren helburua herritarren eritxiak zuzenean ezagutzea izan da, eta, era berean, etengabeko alkarrizketa-bidea zabaldu gura dau herritarren eta udaleko ordezkarien artean.

Proposamena Kualitate enpreseak egindako eta Iritziak Batuz-ek jendaurrean aurkeztutako landa-azterketa baten emoitza da. Azterketa horren arabera, Areatzako herritarrek pentsetan dabe Toki Agenda 21eko Plan barriko prozesu parte-hartzailean lortutako emoitzak hobetu egin leitekezala. Hortaz, agenda egiteko beharrean inplikatutako agente guztien artean izandako batzarretan parte hartu dabenek uste dabe gai orokorregiak tratau dirala, eta ez dabe ikusten euren ekarpenak emoitza hautemangarriakaz lotu diranik.

Aurreikuspenen arabera, udal hauteskundeen ostean herritar guztientzat zabalik egongo dan batzar bat egingo da, foroetan aztertzeko gai interesgarrienak zeintzuk diran erabagiteko, urte amaierara arteko egutegia ezartzeko eta jokoaren arauak zehazteko. Lehenago, behar bezala jakinarazoko da udaleko webgunearen, Areatza Lantzen aldizkariaren eta beste informazino-bide batzuen bitartez.