Albisteak

 

Areatzako Udalak bat egin du Euskadiko beste udal batzuek erakutsitako haserrearekin eta kezkarekin, azken ordainagirietan antzemandako gas fakturen zenbateko handiengatik, eta, horren haritik, argibideak eskatu dizkio bai zerbitzuaren hornitzailea den Cepsari bai Industria Ministerioari.

Azken ordainagiriek kezkatu egin dute Udala; izan ere, fakturen zenbatekoak nabarmen igo direla ikusi du, nahiz eta herritarren dioten antzeko kontsumoa egin dutela eta, are gehiago, aurreko beste denboraldi batzuetakoa baino txikiagoa. Udaletik harremanetan jarri dira enpresa operadorearekin. “Azaldu digute martxoko fakturan aurreko urteko aldi berean baino kontsumo-egun gehiago fakturatu direla. Horrek eta BEZaren igoerak azaltzen dute, hein batean, fakturazioan izandako igoera”, azaldu du Areatzako alkate Josu Basozabalek.

Dena dela, Udaletik 2011ko eta 2010eko urtarrileko fakturak erkatu dira, eta prezioaren igoera %30ekoa izan da. “Aurreikuspenen arabera, gasaren prezioak behera egingo du, baina gogoratu behar da prezioak ez dituela operadoreak jartzen, Gobernu zentralak baizik. Gasa oinarrizko produktua da etxeetarako, eta eragina du familien ekonomietan, xumeak kasurik gehienetan; hori horrela, Gobernuak sentiberatasun handiagoa izan ahal zuen gai honen inguruan, are gehiago, udalak ahalegin garrantzitsua egiten ari garenean udal tasak eta zergak bere horretan uzteko orduan”, adierazi du Basozabalek.

Nolanahi ere, udalak kontsumo arduratsua gomendatzen du, hau da, termostatoak kontrolatzea, erabiltzen ez denean berogailua amatatzea, ontzi-garbigailua erabiltzea ura aurrezteko, tenperatura ez igotzea 20 gradutik gora egunez, eta kontsumo-orduak optimizatzea, besteak beste. Zentzu horretan, hemendik gutxira praktika onei buruzko kontzientziazio kanpaina bat jarriko du abian, eta horri esker, Areatzako herritarrek energia aurreztu ahal izango dute eta beraien fakturen zenbatekoa kontrolatu ahal izango dute.